< Itzuli berrietara

Gozogintzaren tradizioa Euskadin: ezagutu gure alderik gozoena

Euskadi gastronomika
·
01/12/2021
/uploads/image/1673267184_tradicion_confitera_euskadi_sm.jpg

Lehenengo euskal gozotegiei buruz hitz egiteko, eztia eta azukrea deskubritu ziren garaira jo behar dugu. Marggraf izeneko kimikari bat izan zen 1740an erremolatxak azukre kantitate handia zuela ikusi zuena. Hala ere, lehen azukre fabrika ez zen 1801era arte sortu, urte askotan zehar nola atera ikertzen aritu ondoren.

XVIII. mendean penintsula osora zabaldu zen gozokien ekoizpena eta, hasieran, lanbide hau bi eremutan zegoen bananduta. Alde batetik gozogilea zegoen, mota guztietako gozokiak egiten zituena: konpotak, konfiturak, gozokiak eta pastelak. Eta, bestetik, opil-egilea. Honek irina, txerri-gurina eta azukrez osatutako beste produktu batzuk ekoizten zituen.


Denborak aurrera egin ahala, txokolatea ere gozogintzako parte bilakatu zen. Euskadin ohikoa zen txokolatea azukrearekin hartzea. Baina gozogileek egiten zuten guztia ez zen jangarria, kandelak ere egiten baitzituzten. Modu horretan, abarasketatik eztia ateratzean lortzen zuten argizaria aprobetxatzen zuten.


Gaur egun gozogile bezala ezagutzen duguna bi profil horien nahasketa da: gozogilea eta opil-egilea.

Euskal gozokiak
Euskal gastronomia ez da bere plater bikainengatik bakarrik ezaguna, azkenburuko goxoak ere biltzen ditu. Ezagutu ditzagun Euskadin ohikoak diren zenbait gozoki.

  • Euskal pastela
    Azoka gastronomiko batean falta ezin den gozoetako bat da. XVIII. mendean du jatorria eta euskal-frantsesa da, Cambo-les-bains hiritik baitator. Igandeetan edota momentu berezietan jaten zen postrea izaten zen.

    Hasiera batean “bistochak” bezala ezagutzen zen, baina kanpotik zetozenei ahoskatzea kostatzen zitzaienez “euskaldunen pastela” deitzeari ekin zioten.   
    Dastatuz gero, ziur errepikatuko duzula.


      
  • Karolina
    Karolina Bilboko gozo tipikoa da, ez dago gozotegirik hirian erakusleihoan ahogozagarri hau ez duenik.

    Elezaharrak dioenez, gozogile batek asmatu zuen bere alabaren urtebetetzerako, neskatoa Carolina deitzen zenez, azkenburukoak ere izen bera jaso zuen.

    Kremaz betetako hostopil bat du oinarritzat eta gainean merengezko hodei bat dauka gorringoz eta txokolatez atondurik.

    Bistara ikusgarria eta ahosabairako gozamena.



  • Gorrotxak edo Tolosako gozokia
    Tolosako gozoki tipikoa, Xaxuk sortua, almendra kremazko pasteltxo bat da, mazapan eta gorringoarekin. Euskal sukaldari garrantzitsuenek mirestua, Euskadiko jatetxe ospetsuenen kartan aurkitu dezakezun gozoa da.

    Hozkada batean jaten da, kontrastez beterik dago eta oso krematxua da.

  • Teilak eta zigarretak
    Gozo bi hauek ere Tolosan dute bere jatorria. Alde batetik, hain ezagunak diren teilak daude, almendrekin egindako pasta bat, gorringoz bustia eta ukitu zitriko batekin. Bestetik, mantekila eta irindutako almendrez egindako zigarretak daude.

    Otordu eder baten ostean edota kafearekin batera jateko ezin hobeak, Eceizaren gutizia hauek, mugak gainditu dituzte.

Txokolatearen museoak
Euskadin bi museo-gune ditugu elikagai ezagun horri buruz:

  • Rafa Gorrotxategi Txokolate Museum
    Ezagutu kakaoaren eta txokolatearen historia. Nola, non eta noiz aurkitu zen. Denboran zehar eman zaizkion erabilerak, kontsumitzeko moduak eta abar.

  • Txokolateixia
    Txokolatearen Interpretazio Zentro honetan Oñatik txokolate ekoizpenarekin duen harremanaren historia irakasten da. Gainera, bisita gidatuak ere egiten dira erreserbapean.

Gozotegiak
Asko dira Euskadin dauden gozotegiak, gure gastronomian beti egon baita gozogintzarako ohitura handia. Jarraian, gure lekurik entzutetsuenak erakusten dizkizuegu. 

  • Martina de Zuricalday
    Bilboko artisau-lantegi zaharrena da. Bere inauterietako tostadengatik eta erakusleihoen apainketagatik da ezaguna, beti askotariko gozoz beterik. Lau gozotegi ditu hiribilduan zehar.



  • Arrese
    Arrese gozotegia klasiko bat da Bizkaian. 1852an sortu zen eta aski famatuak dira bere esne-gainez eta txokolatez egindako trufak, te pastak, txokolatezko palmerak eta, nola ez, hain maitatua den gurinezko opila, Bilbon hain berezkoa dena.

  • Eceiza
    Teilak eta zigarretak sortu ziren lantegia. 1924an sortu zen Gipuzkoako Tolosa herri abegitsuan, mota guztietako gozokiak eskaintzen ditu gosaritan, postrean edota askaritan jateko.

  • Goya
    Goya gozotegia, 1886an sortu zen eta bost belaunaldi ditu atzean, turroiak, trufak, txokolateak, tartak eta mota guztietako pastelak egiten dituen establezimendu arabarra da. Zortzi gozotegi ditu Gasteizen zehar, Iruñean, Logroñon eta Bilbon ere dendak dituelarik.



  • Bidaguren
    Urdaibaiko gozotegirik entzutetsuena da, “Ori-baltzak” delakoengatik ezaguna, gurinezko kremaz betetako bizkotxoak dira gainetik txokolate zuria edo beltza dutelarik. 1942an sortua, Bidaguren gozotegiak kafetegi bezala egin zituen hastapenak eta gaur egun derrigorrezko geralekua da Gernika edota inguruak bisitatuz gero. Dastatu bere arroz pastela, haginkada bakarrean jaten diren bere pasteltxoak eta, nola ez, eraman ezazu “Ori-baltzak" kutxa bat.

 

Gozokien ibilbideak
Hainbat eta hainbat dira Euskadiko gozo tipikoak, hauek protagonistak diren ibilbide turistikoak egoteraino. 

  • Gasteiztik Irunera
    Euskadi, jaki gozoen erreinua ibilbidea bezala ezagutzen dena Gasteiztik abiatzen da, Bilbo, Barakaldo, Markina-Xemein, Abadiño, Mendaro, Bergara eta Tolosa gurutzatzen ditu Irunera iritsi arte.

    Vasquitos y neskitas delakoak, txutxitoak, torradak, kremazko tututxoak, intxaur-saltsa, mamia, txokolatea... Listua jariatuko dizuten izen batzuk besterik ez dira.

  • Txokolate tailerra
    Euskal gozogintza bertatik bertara ezagutzeko beste aukeretako bat Rafa Gorrotxategi artisau maisuaren lantegiko txokolate tailer honetara joatea da.

    Kakaoaren eta txokolatearen jatorria ezagutuko dituzu, dastatze gozoa egingo duzu eta, gainera, zure txokolatea egiteko aukera izango duzu. Ezin duzu galdu!



  • Tolosatik Gasteizera
    Tolosatik Gasteizera hiru probintziak zeharkatzera gonbidatzen duen proposamena, geltoki bakoitzean gozoki tipiko bat probatuz.

    Teilak eta zigarretak, xaxuak, Beasaingo martintxoak, Azpeitiko makarroiak, arroz pastela eta botxoko gurin opila, eta Gasteizko goxua. Bazatoz?

 

Gabonetako gozoak
Egia esan, edozein garai da ona kapritxo bat hartzeko, baina badira data berezietan bakarrik kontsumitzen diren gozoki espezifikoak, hala nola, polboroiak, turroia edota errege-opila.

Hauek dira, besteak beste, Gabonetan Euskadin prestatzen diren errezeta tradizionalak:

  • Goxua
    Behetik gora jaten den postrea bezala ezagutzen da, eta bere izenak “goxoa” esan nahi du. Gasteizko postre tipikoa da, baina gaur egun Euskadi osora zabaldu da.

    70eko hamarkadan sortutako gozoki honek esne-gain muntatua du oinarri, ondoren bizkotxozko geruza batek eta pastel-krema karamelizatuzko beste batek osatzen dutelarik. Zerbitzatzeko modurik tradizionalena buztinezko kazola tipikoa da.

    Luis Sosoaga, bere sortzailea, Kataluniako kreman oinarritu zen errezeta hau egiterako orduan eta emaitza gozamen hau izan zen.

  • Intxaur-saltsa
    Landa eremuetan oso tradizionala da. Esnea, esnegaina, kanela, intxaurrak eta azukrea dira errezetaren osagaiak. Bakarrik jan daiteke, bizkotxo edo pastel baten osagarri gisa, edo turroia ere egin daiteke, saltsarekin pasta bat sortuz.

    Erraz egiten den errezeta da, Gabonetako jaiak ospatzeko mahaian inoiz falta ez dena.

  • Konpota
    Gabonetan falta ezin den beste postre bat konpota da. Askotariko frutaz osatutako salda da: sagarrak, pikuak, aranak, orejoiak, mertxika eta udareak ur eta ardo beltzetan bustita azukre eta kanela eskukada batekin. Osagai guztiak nahastu ondoren, su motelean egosten dira likidoa loditu arte.

  • Mazapanezko aingira
    Gozoki tradizional hau haurrek zuten gogokoen. Gaur egun ez dira hain ezagunak, baina badira oraindik ere egiten dituzten gozotegiak. Kutxatxo biribil batean saldu ohi da, azukrez eta txokolatez apaindutako aingira edo suge formako mazapan batekin, konfitez lagunduta.


Anima zaitez gure gozotegietako bat bisitatzera eta eraman itzazu gozoki tradizional batzuk Gabonetan zure familiarekin dastatzeko.