Ardoaren paisaiak
Sekulako esperientzia da urteko sasoi bakoitzean mahastien paisaiaz gozatzea

Euskadi ardoen lurraldea da: bertan ditugu Arabako Errioxako ardo ospetsuak eta berezko nortasuna duen txakolina ere.

Arabako Errioxa mahastizaintzan eta ardogintzan milaka urteko tradizioa duen lurraldea da. Lurraren kalitateak, klima pribilegiatuak eta mahatsa landatzen duten pertsonen esku adituek nazioartean ezagunak diren ezaugarriak eta kalitatea ematen dizkiete mahatsei eta ardoei. 


Arabako hegoaldeko eskualde horretan, kultura enologikoa zaindu eta zabaltzen da, eta bestelako zapore, paisaia eta esperientziak eskaintzen zaizkie bisita egiten digutenei. Upeltegien, turismoaren, gastronomiaren, arkitekturaren eta artearen arteko lotura berezi bati esker, nazioarteko mahastizaintza eta ardogintzako eskualderik erakargarrienetako bat da gaur egun. 


Txakolina, «beste» euskal ardoa, Euskadiko kostaldeko zenbait eremutan eta Arabako barrualdean ekoizten dute, hiru jatorri-deituraren pean. Freskotasuna eta ahoan nabaria den garraztasun-puntua ditu bereizgarri.  


Txakolinaren munduan sartzeko, itsasertzaren inguruko edo barrualdeko haranetako mahastietan paseatzea, upeltegiak bisitatzea edo txakolinaren museora, Txakoliguneara, joatea da modurik onena. Horrela, txakolina egiteko prozesuaren sekretu guztien berri izango dugu.