< Itzuli berrietara

San Prudenzio jaia, tradizioz beteriko eguna

Euskadi gastronomika
·
26/04/2022
/uploads/image/1675159982_tamborrada_san_prudencio_sm.jpg

San Prudentzio Arabako patroia da eta apirilaren 28a da bere eguna, arabarrentzat garrantzi gehien duen eta agian gogokoen duten eguna.

Milaka pertsona erromerian joaten dira Armentiako basilikara, eta santuaren erlikiak gurtzen dituzte bertan. Elizkizuna amaitzean hasten da jaia: lehiaketa gastronomikoak, euskal herri-kirolak eta aurresku-txapelketak dira gozatu daitezkeen jardueretako batzuk.

Nor izan zen San Prudentzio? 

Tira, goazen zatika. Nor izan zen San Prudentzio? Noiz hasi zen tradizio hori? 

Laburbilduz, esan dezakegu Prudentzio Armentian jaio eta bizitu zen anakoreta eta kleriko bat izan zela (Armentia Arabako herrixka bat zen antzina, eta Gasteizko udalerriari dagokio gaur egun), eta Tarazonako apezpiku ere bai. VIII. mendearen erdialderako santutzat jotzen zuten dokumentu batzuetan. 

Arabako patroi bihurtu zen XVII. mendearen erdialdera eta, ordudanik, apirilaren 28an erromeria egiten da santua gurtzeko. Gaur egun ere ospatzen da jaieguna, eta barraskiloak eta sasoiko perretxikoak jaten dira tradizio gisa.

Baina… nondik dator perretxikoen eta barraskiloen tradizioa? 

San Prudentzio egunean egiten den barraskiloen kontsumoari dagokionez, dirudienez galiziarrek ekarri zuten tradizioa, XIX. mende amaieran Arabako Errioxara etortzen baitziren mahatsa biltzera. Barraskiloak erreta jaten zituzten, eta gero arabarrak hasi ziren karakolak tomate- eta piper-saltsa tradizionalarekin prestatzen. Geroago, duela 100 urte inguru, txorizoarekin, urdaiazpikoarekin eta perretxikoekin prestatzen hasi ziren. Eta bizirauteko plater apal bat izan zen hura plater zaporetsu eta goxoa bihurtu da, txokoetan eta sukaldeetan egiten duten lanari esker.

Perretxikoek tradizio handiagoa izango dute beharbada, jaiegun honen hasiera-hasieratik jaten baitziren. Udaberriko perretxikoak izaten ziren, apirilean Arabako zelaietan ateratzen zirenak. Antzina, jende xumeenaren esku egoten ziren, egunero jasotzen baitzituzten, baina, gaur egun, oso produktu preziatua bihurtu dira. Plantxan, besterik gabe, edo tenperatura baxuan arrautzekin nahastuta, guztiz egin gabe; jainkoen ahogozagarria da. 

Sar zaitez gure gourmet denden zerrendan eta gure merkatuetan, Arabako sasoiko produktu hoberenak aurkitzeko edo gure jatetxeak bisitatu, haien platerak dastatzera.

Eta puntu honetara iritsita…  Ez al zaizue ahoa ur bihurtu? Armentiara joatera eta San Prudentzio egunaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu, eta bertako tradizioaz gozatzera. Urtez urte errepikatu nahiko duzue, eta ezinbesteko hitzordua bihurtuko da zuen egutegian. Azken finean… Ez al dira horrela hasten tradizioak? 

 

(Vitoria-Gasteizko Udala eta @gourmetbilbao)